Loiolako Jai Batzordearen Bloga

2006/07/29

Iltzea goran giroa beheran


Urtero legez, atzo arratsaldean igo genuen Eliz Kalean gure San Inazio jaietako protagonista den iltzea. Zazpiak aldera txupinazoa bota, eta auzoko abesbatzak Behin batian Loiolan abesten zuen bitartean hor joan zen lurretik zerura gure iltze kuttuna. Txanpaina edan genuen jaiak hasi zirela ospatzeko (batzuk zipriztindu ere egin ziren), eta ondoren dultzainen musikarekin batera auzoan barrena abiatu ziren erraldoi eta buruhandiak haurrez inguraturik.
Esan beharra dago aurten lan handia egin dutela zenbait loiolatarrek erraldoiak berritzeko; egia esan azken urteetan nabaria zen zaharkitu xamarrak zeuedela, baina atzo ikusi ahal izan genituen erraldoiek oso itxura ederra zuten! Jantzi berriak estrainatu zituzten atzo erraldoiek beraz, batak auzoko danborradan emakumezko urtekariek janzten duten moduko jantzia zuen, eta besteak gizonezkoen jantzia, txapel eta guzti.
Gauean ere giro ederra izan genuen auzoan. Topo aurreko kontzertuetara gazte ugari gerturatu ziren, parkean Areto Dantzen erakustaldi ederra izan genuen, eta gaztetxean ere elkartu ziren hip-hop, reagge-Ska eta Tekno zaleak gau osoan zehar.